Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoalde eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Txikitasunetik herrilan handi bat gauzatu nahi dute, Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.
Udazkenetako kanpaina da Agerreko uzta euskarari puzka: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dituzte, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25). Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza era erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio.
Aurten 3 saski egongo dira: beltza, berdea eta gorria; bakoitza produktu eta prezio ezberdinekin. Gainera, aurten karta-joko berezia ere jarri dute salgai.
Kirikiño Ikastola jasotze zentrua izango da, beraz, zuen eskaria hemen jasotzeko aukera izango duzue.